XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Bostgarren Etorbidean gora oinez nindoala jendetzatik emakume erromantikoak aukeratu eta minutu batzuetan haiekin harremanetan sartuko nintzela eta inork ez zuela sekula jakin edo gaitzetsiko imajinatzea gustatzen zitzaidan.

Batzuetan, nere irudimenean, haien atzetik joaten nintzen kale izkinetan zituzten etxeetaraino, eta haiek jiratu eta irrifarre batez saritzen ninduten atetik sartu eta ilunpe epelean izkutatu baino lehen.

Hiri handiko ilunabar magikoan batzuetan bakardade obsesibo bat sentitzen nuen eta besteengan ere horixe bera atzematen nuen: enplegatu gazte gizarajoak, jatetxean bakarrik afaltzeko ordua iritsi arte eskaparatez eskaparate denbora betetzen zutenak; ilunabarreko enplegatu gazteak, gaueko eta bizitzako momenturik kilikagarrienak alferrik galtzen.

Zortzietan, berriro Berrogeiaren inguruko Kaleetako galtzada ilunak teatroen auzora bidean bost lerrotan zihoazen taxi zaratatsuz betetzen zirenean, bihotz erorialdi bat sentitzen nuen.

Geratuta zeuden taxietan figurak elkarrengana makurtzen ziren, kantuak eta entzuten ez ziren ateraldiek eragindako algarak aditzen ziren, eta piztutako zigarroek barnean egindako keinu ulertezinak marrazten zituzten.

Haiek imajinatuz ni ere alaitasun bila abiatzen nintzen eta zoriona desiratzen nien, haien barne-ezinegona partekatuz.

Puska batean ez nuen Jordan Baker ikusi eta udaren erdi aldera berriro topo egin nuen harekin.

Hasieran pozik ibiltzen nintzen berarekin batera eta bestera, golf jokalari sonatua zelako eta denek bere izenez ezagutzen zutelako.

Gero hori baino gehiago ere izan zen.

Ez nengoen benetan maiteminduta baina jakinmin xamur bat edo, sentitzen nuen.